ELA eta LABeko enpresa batzordeak zuzendaritzaren «aldebakartasuna»
gaitzetsi du; TOPAk jakinarazi du, lau mediku espezialistak klinika utzi
dutela.
Itzea Urkizu Arsuaga TOLOSALDEKO ATARIA
Isabel Descalzok (ELA) eta Ainhoa Ortizek (LAB) egin dituzte adierazpenak |
Azken zazpi urteotan puztutako burbuila lehertzear da Tolosako Asuncion klinikan. Langile batzordeak grebak eta lanuzteak iragarri ditu
datozen asteetarako, klinikako zuzendaritzaren «aldebakartasuna» eta
langileen egoera «prekarioa» salatzeko. Horrela, lehen mobilizazioa
datorren larunbatean izango da, abenduaren 2an, Trianguloa plazako
elkarretaratzean.
ELA eta LAB sindikatuetako klinikako langileak
komunikabideen aurrean agertu dira eta, besteak beste, azaroan
zuzendaritzarekin izandako bilera izan zuten hizpide: «Negoziazio
mahaira deitu gintuzten eta, azaldu, enpresak ez duela negoziatzeko asmorik;
informazio bilera baino ez zela izango». Horrela, Asuncioneko buruek
soldaten igoera %1ekoa izango dela jakinarazi zieten langileei, 2016ko
KPIa %1,6koa izan zen arren. Sindikatuek «aldebakartasunez jokatzea»
egotzi diote zuzendaritzari eta, salatu, azken zazpi urteotan galera
ekonomiko handiak izan dituztela, soldatak izoztuta edukitzeagatik:
«Oinarrizko soldatan 3.000 eta 5.000 euro arteko galerak izan ditugu»,
azaldu dute Ainhoa Ortizek (LAB) eta Isabel Descalzok (ELA).
Gatazka, ordea, hileroko ordainsarien igoeraz harago doa. Langile batzordeak salatu duenez, «urtean 1.670 orduko lan-jarduna»
osatzen dute: «Oso urrun gaude asteko 35 orduetatik eta, 2010. urteaz
geroztik, ez dute murriztu Asuncion klinikako langileon lan-jarduna».
Horrekin
batera, «pertsonal falta, kontratazioetako irregulartasuna eta
lan-kargaren handitzea egunerokotasunean» bizi dituztela nabarmendu
dute, gaineratuz, «prekarietate sistematikoan» bizi direla.
Gaur
egun, Asuncion klinikak 65.000 herritarri zerbitzu ematen die;
Tolosaldeko 28 herriekin batera, Legorreta eta Andoain ere hartzen ditu.
330 langile baino gehiago aritzen dira bertan, eta kontzertazio bidez
funtzionatzen du ospitaleak: Inviza S.A.ren –klinika kudeatzen duen
enpresa– eta Osasun Sailaren arteko hitzarmen ekonomiko baten bitartez,
alegia.
Datuok mahai-gaineratuz, Asuncioneko langile batzordeak
azaldu nahi izan du, «klinikako zerbitzuak gain behera» doazela, eta
mediku traumatologoekin gertatu berri dena plazaratzeko baliatu dute
agerraldia. TOPA koordinakundeak berriki jakinarazitakoaren bidetik,
Asuncioneko 4 traumatologok klinika utzi dute: «Ez
dituzte ordezkatu, nahiz eta, gaur egun, klinika horretan,
traumatologiako 6,5 espezialistak aritu beharko luketen. Ondorioz,
itxaron-zerrenda luzatzen ari da, eta traumatologiako larrialdi
kirurjikoak Donostia Ospitalera bideratzen ari dira egunotan».
ELAk
eta LABek izen-abizenak jarri nahi izan dizkiete egoeraren arduradunei,
eta fokua jarri diete Jesus Gomez Montoya Invizako buruari eta Jon
Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari: «Egoera honen ardura
beren gain hartzeko eskatu nahi diegu. Asuncion klinika kontzertatua da,
eta 65.000 pertsonaren osasuna klinikaren esku dago. Horregatik,
Montoya arduraduna da, eta Darpon konplizea».
Kolpea mahai gainean
Arazo eta eztabaida errenkada horrek krisi egoera eragin du langileen
artean eta, azaroaren 20ko langile batzarrean erabakitakoa aitzat
hartuz, mobilizazio eta lanuzteak iragarri dituzte.Larunbatean bertan
ekingo diote salaketa-agendari, eta elkarretaratzea egingo dute,
12:30etik 13:30era, Trianguloan.
Abenduaren 13an, 4 orduko lanuztea
egingo dute, 08:00etatik 12:00etara, eta elkarretaratzea 15:15etik
16:15era bitarte. Abenduaren 20an, berriz, egun osoko greba deitu du
langile batzordeak, eta kotxe karabana egingo dute, abenduaren 27an,
18:00etatik 19:00etara bitarte. Azkenik, bi eguneko greba egiteko asmoa
azaldu dute, datorren urtarrilaren 8an eta 9an.
Soka luzea
Soka luzea da Asuncion klinikako langileen soldatena. 2013. urteko
maiatzean, Inviza-k soldatak jaisteko asmoa iragarri zien langileei;
batez beste, hileroko ordainsariak %4,2 eta %7 artean murriztu nahi
zituen zuzendaritzak. Argudiatu zutenez, erabakiaren atzean zegoen,
Asuncion klinikaren eta Osasun Sailaren arteko hitzarmenaren beherakada
ekonomikoa.
Negoziazioek huts egin zuten, eta langileek salaketa
jarri zioten Invizari, enpresaren «fede txarra eta soldatak jaisteko
argudio falta» medio. Horrenbestez, 2013ko urria hasieran, epaileak
langileen aldeko ebazpena idatzi zuen, Asuncion klinikako langileen
baldintzak lehengora bueltatzeko aginduz.
--------------------------------------
ERLAZIONATUTAKO ARTIKULUAK
No hay comentarios:
Publicar un comentario