2014-01-13

Zaunka ari dira, beraz, aurrera goaz, Santxo laguna




Argigarria da ostegunean Tolosaldeko zenbat komunikabidetan EAJk eskatuta argitaratu zen prentsa-oharra. Norbait urduri dagoela erakusten du. Argigarria, benetan, bi arrazoirengatik: batetik, EAJk publikoki onartzen du, lehen aldiz, esplizituki babesten duela Asuncion klinikaren kudeaketa pribatua. Orain arte beti esaten zuten beren nahia zela ahalik eta kalitaterik oneneko osasun-zerbitzua edukitzea, zerbitzua kudeatzeko era zein den kontuan hartu gabe. Gaur, azkenik, maskara erantzi dute; gaur, azkenik, aitortu egiten dute kudeaketa publiko-pribatua dela onena Tolosaldearentzat.

Esan dut oharra argigarria dela bi arrazoirengatik: batetik, euskal eskuinak, estatuko beste eskuin batzuek bezala, bat egiten du osasun arloaren pribatizazioarekin. Bestetik, ordea, oso argigarria da eskualdeko alkateek osasun kontseilaritzarekin bilera izan eta bi egunetara iristea aipatutako prentsa-oharra.
Bilera hori 2013ko maiatzetik eskatzen ari ginen; urte bat baino gehiago generaman sinatutako hitzarmenaz Sailak egindako balorazioa eskatzen. Azkenik, eskuratu dugu dokumentu hori.

Susmagarria iruditzen zitzaigun hainbeste kostatzea bidaltzea eskatutako dokumentazioa, zeina eskuratu dugun ez Sailari esker, baizik Eusko Legebiltzarrean dagoen lantaldeari esker. Dirudienez, guk dokumentua aztertu aurretik EAJ saiatu da aurrea hartzen eta alkateen eskaera desitxuratzen.

Tolosaldeko alkate guztiok ez gara demagogia egiten ari, informazioa eskatzen segitzen dugu. Eta eskatzen dugu kezkatuta gaudelako hitzarmen honen kostuagatik —20 bat milioi urtean—. Informazioa eskatzen dugu itxarote-zerrendak luzatu egin direlako, anbulatorioak desegiten ari direlako, eta ez dakigulako gai honek zein norabide hartuko duen. Ez da demagogia, kezka da; kezka pribatizazioak esan nahi baitu kudeatzailearen interesa (hau sailburuordeak berak onartu zuen) ez dela osasun-asistentziarik onena eskaintzea, etekin ekonomikorik handiena lortzea baizik. Kezka zeren uste baitugu ezen hitzarmena sinatu aurretik eskualdean zegoen osasun-asistentzia egokia zela, hobetu bazitekeen ere.

Kuriosoa da, gainera, esatea herritarrek ez dutela zerbitzua ordaindu behar: besterik ez genuen behar! Invizak, Asuncion klinikaren jabeak, 20 milioi euro kobratzen ditu urtean emandako zerbitzuengatik. Diru kopuru hori zergapeko guztiek ordaintzen dugu, eta urte askoz funtzionatu du —2012ko abendura arte— Enpresak Sustatzeko Zerbitzuen (ESZ) sistemaz zeina denok dakigun bezala, EAJk ere bai, altxor publikoari iruzur egiteko erabili den. Uste dugu faktura ondo ordainduta dagoela.

Alkateok dugun kezka handiena da Tolosaldeko osasun-sistema publikoa desegiten ari direla eta behin deseginda ezinezkoa izango dela berregitea. Alkateok dugun beldurra da behin osasun-sare publikoa deseginez gero ez ote gaituzten utziko enpresa pribaturen baten mende, beraren interesen mende. 

Alkateok ez dugu inoiz dudan jarri Asuncion klinikako langileen profesionaltasuna, eta beren laneko erreibindikazioetan lagundu diegu; ez beste batzuek bezala, haiek klinika bakarrik defendatzen dute, hots, kudeatzailea. Argi daukagu hitzarmen honekin klinikaren kudeatzailea dela onurarik handiena jasotzen duena, eta ez herritarrek, ez langileek, ez euskal osasun-zerbitzuak ez dute irabazten.

Hori denagatik, lanean segituko dugu bat baino gehiago lotsarazten eta salatzen osasuna ez dela merkatu-nitxo bat, osasunak segitu behar duela eskubide bat izaten. Batzuek, gertatutakoa ikusita, demagogo deituko digute, saiatzen direlarik egiten ari garen lana gutxiesten, zeren horixe baita defendaezina defendatzeko duten modua, hau da, zerbitzu unibertsal baten pribatizazioa. Herritarrontzat onena den osasun zerbitzua lortzeko lanean jarraituko dugu etsi gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario