2011-07-01

Tolosaldeko alkateen prentsaurrekoa.


TOLOSALDEKO ALKATEEK, OSASUN POBLIKOAREN ALDE IRAKURRITAKO TESTUA.

Gaur hemen elkartu gara Tolosaldeko alkateak, gure eskualdeko osasun publikoaz dugun iritzia agertzeko. Gaur hemen batzuk gaude baina idatzi hau 30 alkatek sinatu dugu:

Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Billabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Zizurkil, Andoain eta Legorreta.

Tolosaldea da eskualdeko ospitale publikorik ez duen Euskal Herriko eskualde bakarra. Tolosaldeko espezialitateetako anbulatorioa itxi egin nahi dute eta urologia eta oftalmologia bezalako espezialitateak Asunción klinika pribatuan artatzen dira. Hasteko, ez dugu krisiaren argudioa erabiltzea nahi egungo egoera aldatu eta kaxkartzeko. Duguna ez dugu galdu nahi eta etorkizuneko egoera hobetu nahi dugu.
  • Tolosaldeko alkateok nahi dugu eta defendatuko dugu gure herritarrek izan dezaten Euskal Herriko gainerako eskualdeetako herritarrek jasotzen duten arreta bera.
  • Guk, alkateok, herritar guztion ordezkari garen aldetik, osasun publikoaren alde Koordinadorak bere manifestuan jasotzen duenari gure sostengua adierazten diogu, hau da: beharrezkoak diren langileak jartzea, espezialitateen anbulatorioari beharrezkoak dituen tresnak ematea eta kudeaketa publikoa izango duen eskualdeko ospitale publikoa jartzea herritarren esku.
  • Eusko Jaurlaritzatik bultzatu nahi den erreformaren aurka gaude, hau da, espezialitateak Asunción klinikara pasatzearen aurka. Halaber, klinika ordaintzeko moduan emango den aldaketaren aurka gaude, aurrerantzean osasun-kartila bakoitzagatik ordainduko da eta ez ekintza mediku bakoitzagatik orain arte egiten zen bezala. Honek beste eskualdekoekin berdindu beharrean, areagotu egingo ditu haiekiko ditugun desberdintasunak.

  • Guk, Tolosaldeko alkateok, herritarron iritzia kontuan izanik, babesa sentitzen dugu honako hauengatik:
- Koordinadorak osasun publikoaren alde jaso dituen 15.000 sinadurengatik.
- Hauteskundeetan jasotako emaitzengatik, osasun publikoaren alde argi eta garbi azaldu ginen alderdi politikoak baikara gehiengoa lortu dugunak gure eskualdean.
- Asuncion, osasun-zentro eta espezialitateetako anbulatorioko langile, auzo elkarte, sindikatu eta oro har elkarte sareek adierazitako babesagatik.

Horregatik gaude pribatizazioaren bidean eman nahi den urrats berri honen aurka, are gehiago urrunduko baikaitu beste eskualdeetako herritarrek jasotzen duten arretaren kalitate maila lortzetik. Gainera, guk osasun publiko eta unibertsala defendatzen dugu herritar guztiontzat.
  • Kontuan izanda Asunción klinika hor dagoela, guk duela urte asko egin behar zen gauza baten alde egin nahi dugu, eta horrela ordainduko litzateke Osakidetzak eskualde honetako herritarrekin duen zor historikoa, hau da ASUNCIÓN KLINIKA PUBLIFIKATUTA.
  • Gure aldetik, behar denarekin hitz egiteko prest gaude, baita osasun sailburua den Rafael Bengoa jaunarekin ere, adostasun batera iristeko.
Eskerrik asko!

No hay comentarios:

Publicar un comentario