2011-05-19

ARGIA astekarian kaleratutakoa


Estitxu Eizagirre 
2276. alea 
2011-05-15




Tolosaldeko Osasungintza

Publikoa vs. kontzertatua

Tolosako espezialitate anbulatorioa eta Asuncion Klinika parez pare. Tolosaldea da eskualde-ospitalerik ez duen bakarra Gipuzkoan. Bi zentro hauek (publikoa bata, kontzertatua bestea) eskaini dute espezialitateko arreta gaur arte, baina anbulatorioa hustuz joan dira arduradunak, eta klinika indartzen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurreikusten du hiru urteren buruan espezialitate denak Asuncionera pasatzea. Aldiz, anbulatorioa indartzearen eta eskualde-ospitale publiko bat jartzearen alde ari da lanean Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma. 

Tolosaldea eskualdeak 65.191 biztanle ditu, 31 udalerritan banatuta. Osasun arloan, bere berezitasunak dituela kontatu du Elena Elosegui Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Gipuzkoako zuzendariak: “Lehen Mailako Arreta zerbitzuak [familiako medikua] Osakidetzak ematen ditu, eta Arreta Espezializatua, berriz, Osakidetzak eta Asuncion klinikak: lehenengoak, espezialitateak dituen anbulatorio baten bidez, non Donostia Ospitaleko hainbat espezialistak zerbitzua ematen duten; eta bigarrenak, ospitalizazio ugari eta anbulatorioko arreta espezializatuaren zati handi bat bermatuz. Klinika horrek zerbitzu-eskaintza txikiagoa du Gipuzkoako (Mendaro, Arrasate, Bidasoa eta Zumarraga) eskualdeetako ospitaleek eskaintzen dutena baino. Gainera, zerbitzu eta espezialitate horietako batzuk bikoiztuta daude, Donostia Ospitaleak eta Asuncion klinikak aldi berean ematen dituztelako”.
Iñigo Dendaluce Asuncion klinikako gerentea da, eta espezialitateen bikoizketa hori azpimarratzen du, Osasun Sailak berrantolaketa egiteko duen arrazoi nagusitzat: “Osasun Sailaren helburua zerbitzuen hornidura batzea da, arrazionaltasuna emanaz. Zentzugabea da espezialitateak bi adarretan ematea, hau da, gaixo bat Tolosako anbulatoriora joatea kardiologiara eta beste bat Asuncionera. Orain hitzarmen berria arautu nahian ari gara, guk arreta espezializatu osoa hartuko genuke, eta anbulatorioan Lehen Mailako arreta eskainiko litzateke”.
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma (TOPA), aldiz, ez dago ados espezialitateak klinika pribatuarekin kontzertatzearekin. Bertako kide den medikuak (nahiago du izena pribatutasunean babestu) dioenez: “Asuncion Klinikak aurrerantzean eskualde ospitale baten funtzioa beteko duela esaten digute. Guk ez dugu funtzio hori beteko duen ezer nahi, guk zuzenean eskualde-ospitale publikoa nahi dugu. Gipuzkoako gainerako biztanleek daukaten bezala, euren moduan ordaintzen baititugu gure zergak. Tolosaldeak benetako eskualde-ospitalea izango badu, irtenbidea Debako edo San Eloyko ospitaleen eredua jarraitzea da, nahiz eta hori eginda batzuei pastela bukatuko zaien”. Dendaluceren arabera: “Gaixoa nahasten ari gara diskriminatuta dagoela esaten diogunean, ez dela zerbitzu publikoa eskaintzen eta osasuna pribatizatzen ari dela... Zerbitzu publikoa eskaintzen ari da, baina gestioa da pribatua. Nik alaba ikastolara eraman dezaket, eta zerbitzu publiko bat jasotzen ari da, baina ikastetxe kontzertatu batean. Osasunarekin berdin”.
Elena Elosegui, Osasun Saileko Gipuzkoako zuzendaria: ”Asuncion Klinikak apurka-apurka garatuko du eskualde-ospitale batek daukan zerbitzu-eskaintza”
TOPA plataformako medikua: ”Guk garbi dugu hau lehenbiziko urratsa dela. Eta bigarrena kopagoa izango da. Hau plan pilotoa izango da, eta ongi ateratzen bazaie, EAE osora zabalduko da”
Iñigo Dendaluce, Asuncion Klinikako gerentea: “Defizitarioa bada, horrek ez du inoiz gaixoengan eraginik izango. Gaixoak ez du inoiz ezer ordaindu beharrik izango, zerbitzu publikoa delako”
Gaiaz gehiago
TOPAko medikuak berretsi du osasunaren gestioak publikoa izan behar duela: “Sistema publikoan baliabide denak osasunarentzat direlako. Baina enpresa pribatu batera iristen diren diruen %30 enpresarentzako dira, negozioa egiteko. 7 eurorekin ezin da eman 10ekin ematen den arreta. Hori zertan gauzatzen da? Alde batetik langileek baldintza okerragoetan egin behar dute lan, eta baldintza txarragoak badituzu arreta txarragoa eskaintzen duzu, nahi eta nahi ez. Bestetik, zerbitzuak murrizten dira, ezin da zerbitzu bera eskaini diru gutxiagorekin. Orain esaten digute ezetz, arreta bera izango dela... baina iritsiko da momentu bat esango digutena ‘dirurik ez dugunez, ezin dugu arreta osoa eman’. Zentro pribatu batek inoiz ezingo du ospitale publiko batek adinako zerbitzurik eman, pribatua errendimendu ekonomikoa lortzera bideratuta dagoelako, eta publikoa herritarren osasuna bultzatzera bakarrik”. Dendaluce gerenteak dio dirua ez dela euren lehentasuna: “Guk egun 65.000 kontsulta egiten baditugu, Tolosaldeko espezialitateen ardura guregan hartuta %80 handituko genuke kontsulta kopurua. Noski, horrek bere ondorio ekonomikoa izango du, baina ez dugu oraindik baloratu, ez baita orain gehien kezkatzen gaituen gaia. Guretzat lehentasuna zerbitzu bikaina eskaintzea da, baina logikoki, errentagarritasun eta efizientzia kriterioekin”. TOPAko medikuak zera aurreikusi du: “Esperimentuak hondoa jotzen duenean, klinika pribatuan diru publiko gehiago sartzea tokatuko zaigu, krisi honetan hamaika kasutan ikusi dugun bezala”.
Hiru urteren buruan espezialitate denak Asuncionera pasako dira
Tolosako Anbulatorioko langileek (hauek ere izena pribatuan mantentzea nahi dute) diote espezialitateak Asuncionera pasatzeko prozesua ez dela berria, 2007tik datorrela. Elena Eloseguik kontatzen duenez, “2007ko urriaren 29an, Osasun Sailak Legebiltzarrera igorri zuen ikerketa-proposamen bat osasun-eskualde horretarako, plangintza eta antolakuntzako hiru proposamen zituena. Luze eztabaidatu bazen ere, aurreko Jaurlaritzak ez zuen ezein erabakirik hartu. Egungo planteamenduak hiru proposamen horietako bat jasotzen du”. Alegia, 2007an EAJk proposatu eta PSOEk kontra bozkatu zuen planteamendu hura da orain PSOE aurrera eraman nahian ari dena. Anbulatorioko langileek salatzen dute proposamen hura onartu ez bazen ere, praktikan espezialitateak Asuncionera traspasatzeko urratsak eman direla geroztik: “Bere garaian anbulatorioa eraberritu egin zen, azpiegiturak jarriz kirurgia txikiak bertan egiteko, endoskopiak, eta abar. Baina prestatuta egon arren, hori guztia sekula ez zen bertan egin, arduradunek gaixoak Asuncion klinikara bideratzen baitzituzten prozedura hauek egiteko. Oftalmologiako plaza bakante geratu zenean, arduradun berberek Asuncionera transferitu zuten postu hori, nahiz eta espezialistak baziren anbulatorioan kubritzeko prest. Duela urte gutxi Urologiako plaza libre geratu zen, baja luze baten ondorioz. Kasu honetan ere ez zen Osakidetzako ordezkorik ekarri; Asuncion klinikari eman zitzaion, eta hauek espezialistarik ez zutenez, Zumarragako ospitaleko (publikoa) urologoa kontratatu zuten. Honek eszedentzia hartu zuen zentro pribatura pasatzeko, eta bertan Osakidetzako gaixoak hartzeko. Baja bukatu zitzaionean, Tolosako anbulatorioko urologoa berriro hasi zen Osakidetzan, baina ez bere lekua zuen Tolosako anbulatorioan, Donostian baizik. Aldi berean, Asuncion klinikan hartzen zituen Tolosaldeko gaixo batzuk, kontsulta pribatuan. Tolosako anbulatorioko errehabilitazioa ere gutxiengotara murriztu dute, eta Asuncionera pasa. Anbulatorio honek askoz espezialitate gehiago emateko gaitasuna badauka, baina hustutzen ari dira pixkanaka”.
Dendalucek zerrendatu dizkigu planaren arabera Asuncionek beregain hartuko lituzkeen Tolosako anbulatorioko espezialitateak: “Kardiologia, dermatologia, digestiboa, endokrinologia, neumologia, neurologia, ginekologia, kirurgia orokorra, oftalmologia, otorrinolaringologia, traumatologia eta errehabilitazioa. Espezialitate hauek baditugu jada Asuncionen. Asmoa da denborarekin aktibitate horiek denak guk xurgatzea”. Pertsonala eta azpiegiturak handitu beharko dituzten galdetu diogu: “Pertsonala handitu beharko dugu, mediku espezialista gehiago beharko dira, baita auxiliar eta asistentzialak ere. Klinika handitzeko plana martxan daukagu eta uda ostean hasiko gara lanekin: eraikin berria egingo dugu egungoari itsatsita. Sotoa eta hiru solairu izango ditu. Ospital osoa berrantolatuko dugu, eta 3.000 metro koadro handituko dugu gure eskaintza asistentziala. Lekua ez da arazo izango”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario